Castellano
EUSKADIKO KOOPERATIBEN ARTEKO III. MUS TXAPELKETA
Araudia
Keinuak
PDFa
Araudia.
• Partidari hasiera eman aurretik, kartak zenbatu beharko dira karta-sorta osorik dagoela eta errepikatutako figurarik ez dagoela ziurtatzeko. Partida jokatzen den bitartean mota horretako gorabeheraren bat antzematen bada, edo behar baino karta gehiago edo gutxiago daudela edo errepikatutako figurak daudela ikusten bada, ordura arte jokatutakoak ez du baliorik izango, eta karta-sorta osatu beharko da aurrera jarraitu ahal izateko. Baina partida amaitu bada, emaitza ontzat joko da, aipatutako eskakizun hori aurretik bete behar zelako.
• Lehenengo jokoan “eskua” zein den zehazteko, partidari hasiera ematen zaionean muslari bisitariei eskainiko zaie pribilegio hori, txapelketa honen oinarri den kortesia-keinu gisa. Nolanahi ere, “mus jarraia" jokatzeko aukera ere egongo da, eta musa mozten duena izango da “eskua”.
• Karta guztiak ondo nahastu ondoren, “eskuaren” ezkerretara jarrita dagoen jokalariak bere ezkerretan dagoen jokalariari eskainiko dizkio, sorta moztu dezan. Mozten denean ezin dira hiru karta baino gutxiago altxatu edo mahai gainean utzi.
• Edozein jokalarik jokaldi bakoitzean kartak nahasteko eskaera egin dezake, baina "eskuaren” ezkerretara jarrita dagoen jokalaria izango da beti kartak nahasten azkena.
• Kartak mahai gainean banatuko dira beti, eta inork ez ditu ukituko banaketa bukatu arte.
• Jokalari guztiei bere kartak banatu aurretik karta denak amaitzen badira, jokalariek nahi izan ez dituzten kartak hartu eta nahastuko dira. Jokalari bakarra bada karta guztiak jasotzeko falta dena, berak nahi izan ez dituenak kanpo geratuko dira, eta gainerako jokalariek nahi izan ez
dituztenetatik banatuko zaizkio berriak.
• Hasierako karta-banaketa amaitu ondoren jokalariren batek behar baino karta gehiago edo
gutxiago baditu, denak atzera jaso eta berriro banatuko dira. Karta gehiago ala gutxiago dituena azken jokalaria edo “atzeskua” bada, hau da, kartak banatu dituena, bere kartak jasoko dira eta berak ez du jokaldi horretan parte hartuko. Bere trebetasun faltagatik jasoko duen zigorra izango da, horrelakorik berriro egin ez dezan. Arau hori hasierako banaketan ez ezik, partidaren beste edozein unetan ere ezarriko da.
• Jokalariren batek lau karta baino gehiago baditu, nahi ez diren kartak bota eta jokaldiari hasiera eman aurretik, aurkariak behar beste karta kenduko dizkio, laurekin geratu dadin.
• Jokalariren bat jokaldia amaitu arte ohartu ez bada lau karta baino gehiago ala gutxiago zituela, ez du harririk jasoko eta jokaldian lortu dituenak kenduko zaizkio, dagoeneko atera baditu, bere bikotekidearen kartekin lortutakoak badira ere.
• Jokaldi bakoitzaren hasieran, kartak banatzen direnean kartetako bat nahi gabe zein den ikusten bada, behartutako “mus ikusia” egongo da. Nahi duena bere kartekin geratu ahal izango da, bat bakarra bota beharrik gabe. Baina jokalari bat edo gehiagok ez badute mahai gainera kartarik botatzen, ez da kartak botatzeko bigarren aukerarik egongo.
• Bikote bera eskua bada bi aldiz jarraian, baliozkoa izango da, kartak banatu dituzten aurkarien akatsa baita.
• Jokalariek ezin dituzte kartak atzera bota jokatzeko txanda iristen zaien arte, eta kartak ez dira jaso behar banaketa amaitu arte.
• Behin partidari hasiera emanda, ez da jokoan etenik egingo harik eta bikote irabazlea zein den zehazten den arte. Inork ezin du bere lekutik altxatu eta beste norabait joan, une batez bada ere. Halaber, bikotekideak ezin dira aldatu partida erabat amaituta egon arte. Hori betetzen ez duen bikoteak partida bertan behera utzi duela ulertuko da, eta galdutzat emango zaio.
• Jokalari bakoitzak bere ahotik hitz egingo du. Hartara, “eskuak” handira paso egin eta bere bikotekideak enbidoa jotzea gerta daiteke. Edo jokalari batek enbidoa onartzea eta bere bikotekideak harri gehiago jokoan jartzea. Kasu horretan aurkariak erabakiko du zein den gehien interesatzen zaion apustua. Jokalari batek “paso egiten dugu” edo “enbidoa jotzen dugu” esaten badu, ordea, bikotekidea horren menera egongo da. Gogoan izan behar dugu esaten den guztiak balioa duela, hau da, jokalariak jokaldi bat iragartzen badu (paso egitea, enbidoa jotzea, hordagoa jotzea, etab.), ezingo du ondoren atzera egin. Nolanahi ere, jokalari batek bere bikotekideari gomendioak ozen emateko aukera izango du: musa emateko, enbidoa edo hordagoa jotzeko edo beste zernahirako. Bikotekideak aholku hori bete dezake ala ez.
• Jokalari batek jokoari buruz esaten duen edozer gauzari eutsi behar dio, nahi gabe esan badu ere, eta esandakoarekin partida galtzeko arriskua badu ere.
• Jokaldi bakoitzeko gertaera bakoitza (enbidoa, hordagoa...) argitzeko gehienez minutu bateko tartea dago.
• Bikotekideari une zehatz bakoitzean gertatzen ari den horri buruz besterik ezin zaio kontsulta egin. Beste edozeren inguruko kontsultetarako, araututako keinuak erabiltzen dira. (Askotan, handira jokatzen ari garela, jokorik baduen galdetzen diogu bikotekideari. Bada, une horretan handira jokatu behar da, eta gero gerokoak).
• Jokalariren batek une horretan jokoan dagoenaren inguruan baino, aurreragoko beste edozeren inguruko galdera egingo balio bere bikotekideari, eta azken horrek erantzuna emango balio, bikote horrek une horretan egiten ari den jokaldia galduko luke.
• Jokalariak erabakiko du egingo dituen arauturiko keinuen ordena.
• Jokalari batek Pareak edo Jokoa baduela esaten badu (“Pareak bai”, “Jokoa bai”), esandako
hori gezurra bada eta enbidoa jotzen badu, aurkariek irabaziko dute, bikotekidearen pareak
edo jokoa aurkariena baino hobeak badira ere.
• Jokalari batek Pareak edo Jokoa izanda, ez daukala esaten badu, bere jokaldia ez da kontuan
hartuko, eta beraz, ez du bere kartengatik harririk jasoko. Baina bere bikotekideak Pareak edo Jokoa badauka eta horren berri eman badu, berari dagozkion harriak besterik ez ditu hartuko. Bikote batek pare edo jokorik ez duela esan badu (“Pareak ez” edo “Jokoa ez”), eta ondoren ikusten bada bietako batek ala biek jokoa edo pareak dituztela, “ukatzeagatik” harri bat hartuko dute aurkariek, jokaldiagatik jaso behar dituzten beste guztiekin batera.
• "Parerik ez daukat” edo “Jokorik ez daukat” esaten bada (“Pareak ez” edo “Jokoa ez”) eta segituan akatsa zuzentzen bada, jokalariak zein jokaldi daukan esan beharko dio mahaiari, aurkariek zer egin behar duten jakin dezaten.
• Jokalari batek pareak eduki gabe badituela esaten badu, eta aurkariek parerik ez badute, jokaldi hori zein hurrengoa (jokoa ala puntua) baliorik gabe geratuko dira hala jokalari horrentzat nola bere bikotekidearentzat. Aurkariek jokotik ala puntutik dagozkien harriak hartuko dituzte, bai eta “utzia” ere, hala baldin badagokie.
• Edozein jokalarik, parerik edo jokorik ez badauka ere, jokaldian parte hartu ahal izango du bere bikotekideak jokoa edo pareak baldin baditu, hari aholkuak emateko: paso egin, enbidoa jo edo beste edozer. Hala ere, ezingo du jokaldirik itxi, jokoa edo pareak dituen jokalariak erabaki behar du hori.
• Berari dagokion harriren bat eramatea ahaztu zaion jokalariak hura hartzeko eskubidea galduko du hurrengo jokaldiari ekin aurretik karta-sorta mozten den unean.
• 33rekin jokoan egindako apustuari “eduki” erantzuten badiogu, apustua onartuko dugu, “baietz eduki eta galdu ez!” esan arren edo atzeskuak bagara ere.
• Enbido gogorra jotzen bada, 40 harri edo 8 hamarreko baino handiagoa bada ere, eta jokalari batek onartzen badu, jokaldia ez da une horretan irabazi ala galduko. Amaierara arte jarraitu behar da, jokaldia amaitu dadin Hordagoa jo eta aurkariak onartu behar baitu. Kasu horretan, Hordagoa jo den jokaldian karta onenak dituenak irabaziko du.
• Kartak ezin dira erakutsi jokoa amaitzen den arte. Jokoa amaitu ondoren, lau jokalariek derrigorrez erakutsi behar dituzte bere karta guztiak, harririk hartzeko inolako baliorik ez badute ere.
• Bikote bakoitzeko jokalari bakarra arduratuko da tanto-kopuruaz (“harriak” eta “hamarrekoak” berak bakarrik jasoko ditu) eta ozen egingo du, aurkariek jakin dezaten zenbat harri edo hamarreko hartzen diren eta zergatik.
• Joko partzial baten amaieran bikoteetako batek 35 harri baino gehiago baditu, “Barruan" esan eta hamarreko guztiak mahaiaren erdira bota behar ditu. Ekintza horren bidez, aurkariei egoeraren berri ematen zaie. Bikoteetako bati joko osoa amaitzeko harri gutxi falta zaizkionean, enbido eta hordagoekin arreta berezia izan behar da, eta gogoan izan behar da jasotzen diren lehen harriak “Ez” esateagatik edo “Paso” egiteagatik kobratzen direnak direla. Bi bikoteak badira amaitzeko gertu daudenak, jokaldi bakoitzeko harriak ordena jakinean kobratzen direnez, 8 hamarreko edo 40 harri biltzen dituen lehen bikoteak irabaziko du.
• Erreklamazioak Federazio antolatzaileari helarazi behar zaizkio, partida jokatu eta hurrengo 24 orduen baitan.
Keinuak.
Musaren Araudi Orokorrean jasotako Keinuak baino ezin dira erabili, hau da, ondoko hauek:
• Bi errege adierazteko beheko ezpainari hozka egin behar zaio. Lau errege adierazteko aldiz,
keinu bera bi aldiz errepikatu behar da.
• Bi bateko adierazteko mihi-punta atera behar da. Lau bateko adierazteko aldiz, keinu bera bi
aldiz errepikatu behar da.
• Ezpainak estutu eta ezker ala eskuin mugitzen dira "mediak" adierazteko; horren ondoren bi
erregeen keinua egiten bada (beheko ezpainari hozka egitea), jokalariak hiru errege dituela
esan nahi du; bi batekoena egiten bada (mihi-punta ateratzea) 3 bateko dituela esan nahi du.
• Bekainak gora igo behar dira “dupleak” adierazteko; keinu horren ondoren bi erregeena edo bi
batekoena egiten bada, jokalariak "dupleak” erregeekin edo batekoekin dituela esan nahi du.
• Begi-keinu batekin 31ko jokoa edo jokorik ez baina puntu handiena (30) adierazten da.
Araudia eta keinuak hemen dituzu pdf formatuan. |